Zumarragak urrats sendoa eman du bizimodu aktiboago baten alde, maiatzaren 14an martxan jarriko baitu ZU Mugituz orientazio zerbitzua. Ekimen honen helburua herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea da, bereziki inaktiboak diren pertsonentzat zuzendutako banakako eta doako zerbitzu baten bidez, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak oinarri hartuta.
Programaren aurkezpena Zelai Arizti kultur etxean egin da, eta ondoko ordezkariak elkartu dira:
- Mikel Serrano, Zumarragako Alkatea.
- Joseba Angulo, Zumarragako kirol teknikaria.
- Arantxa Uranga Fraiz, Osasuna Sustatzeko Unitateko teknikaria.
- Malen Ruiz de Azua, Mugimenteko idazkaritza teknikoa.
- Aurora Valdivielso eta Wladimir Carassa, Goierri–Urola Garaiko ESIko erizain komunitarioak.
- Maialen Alkorta, Athlon kooperatibako orientazio zerbitzuen arduraduna.
- Anje Eskarza, Zu Migutuz zerbitzuko teknikaria.
Proiektuak ikuspegi komunitario argia du. ZU Mugituz, geroz eta azkarragoa baina paradoxikoki sedentarioagoa den gizarte honetan, bizitza aktibo eta osasuntsu bat bultzatzeko beharrari erantzunez sortu da. “Gaur egun, badira jarduera fisikoa oso profesionalizatutako edo eskuraerrazak ez diren inguruneekin gero eta gehiago lotzen joan dela sentitzen dutenak. Ekimen honekin, pertzepzio horrekin apurtu nahi dugu. Ariketa fisikoa egitea guztion eskura egon beharko litzateke, adina, egoera fisikoa edo baliabide ekonomikoak kontuan hartu gabe. Garrantzitsuena ez da nola edo non egiten den, baizik eta mugitzea, zaintzea eta hobeto sentitzea” adierazi du Mikel Serrrano alkateak.
Zerbitzua herriko hainbat espaziotan eskainiko da, Anje Eskarza teknikariaren ardurapean, honako ordutegi hauetan:
Asteazkena
- 14:00-16:00 Gure Txoko gizarte etxean.
- 16:00-18:00 Ispilla kiroldegian.
Ostirala
- 9:00-11:00 Osasun Etxean.
- 11:00-13:00 El Salvador Gizarte Etxean.
ZU Mugituz zerbitzuak lau fase izango ditu: hasierako elkarrizketa, pertsona bakoitzaren profila, beharrak eta motibazioak ezagutzeko; banakako edo taldeko jarduera-proposamena, udalerrian dauden baliabideekin; jarraipen pertsonalizatua eta motibaziozkoa; eta lortutako lorpenen ebaluazioa.
Orientazio pertsonalizatuez gain, ibilaldiak, osasun-tailerrak, indarra lantzeko entrenamendu-saioak eta beste jarduera osagarri batzuk antolatuko dira, bizimodu aktiboa modu integralean sustatzeko.
Informazio gehiagorako:
Telefonoa: 663 711 791
Helbide elektronikoa: [email protected]